[:eu] 

Pasa den asteazkenean, apirilak 30, Bertatik Bertara proiektuak antolatutako bilkura egin zen Legazpiko Gizarte Zentroan. 12 ekoizle bildu ziren bertan, proiektu honen fase berriaren informazioa jasotzeko eta eragile desberdinen artean ekintza plan bat prestatzeko helburuz. Datozen 4-5 urtera begirako ekintza plan edo estrategia hori definitu ahal izateko hausnarketa eta lanketa prozesu bat diseinatu da, non eragile desberdinek parte hartuko duten: ekoizleek, kontsumitzaileek eta gaiarekin zerikusia duten eskualdeko arduradun politiko zein teknikariek.

Lanketa prozesu horretan momentu desberdinak izango dira; batzuetan eragileek banaka jardungo dute lanean (aparte) eta beste batzuetan guztiak elkarrekin ariko dira.

Zehaztuz: hasiera batean sektorearen+ekoizpen+kontsumoaren gaurko egoera eta 10 urteko epean izan nahi genukeen eszenatokia jorratuko ditugu 3 taldeekin bereizita; eta behin hori eginda, datozen 4-5 urteetarako ekintza plana elkarrekin diseinatzen saiatuko gara. Pasa den asteazkeneko bilera, ekoizleekin egin zena, ibilbide honetako lehen bilera izan zen. Saioan eskualdeko 12 ekoizlek hartu zuten parte, proiektuko hainbat ordezkarirekin batera.

Edukiei dagokienez, batik bat 3 galderek gidatu zuten saioa:

• Gaur hasten dugun ibilbide honen amaieran, uztaila inguruan, zeren arabera esango zenukete hausnarketa eta lanketa prozesu on bat egin dugula?
▪ Urola Garaiko lehen sektoreari eta zehazki bertako produktuen ekoizpen eta kontsumoari erreparatuz, nolakoa da gaurko errealitatea edo argazkia? Zer dago ondo, eta zer gaizki edo hobetzeko?
▪ Hemendik 10 urtera begira jarrita, nolako eszenatokia nahi genuke?

Galdera horiek eginda, ekoizleak izan ziren saioko protagonistak: Elkarrizketa aberatsean gogoeta sakonak partekatu ziren. Arduradunek ikusi dute, ekoizleen artetik ilusioa dagoela eta baita ekoizle potentzial gehiago ere; gizartea hasia dela bertako produktuak eskatzen eta baloratzen; ekoizpena eta kontsumoa sustatzen lagundu duten esperientzia batzuk badirela (kontsumo taldeak, salmenta zuzena…); eta baserriak paper garrantzitsua jokatzen duela ingurumena eta kultura mantentzeko erronkan.

Hobetzeko puntuen artean, sektorea zahartuta dagoela, baserri asko galdu direla azken urteetan, baserriaren etekina mugatua dela, bertako produktuekiko ezagutza falta handia dagoela eta oraindik gizarte mailan kultura falta dela prezioa lehenesten delako, marketing arloan sektoreak baduela zer ikasi eta hobetu oraindik eta transmisioa landu beharreko gaia dela nabarmendu zituzten.

Hemendik 10 urterako eszenatokian, azkenik, baserriak bizirik mantentzea eta lanbide bat izatea nahi lukete; eskualdean, gizarte mailan, errekonozimendu bat lortzea, eta nolabait, baserri munduarekiko galdu den kulturaren zati bat errekuperatzea.

Hurrengo bilerak Maiatzaren 15ean eta 22ean egingo dira, kontsumitzaileekin eta politikariekin, hurrenez hurren. 15eko bilera 14:30ean egingo dute, kontsumitzaileekin eta dendariekin, Urretxuko kultur etxean. 22ko bilera, 13:00etan egingo dute Zumarragako kultur etxean, eta bertan politikariak eta teknikariak bilduko dira.[:]