Larunbat euritsua izan zen arren, asko izan ziren urriaren 27an Urretxuko Iparragirre plazan ospatu genuen Bertatik Bertara azokara hurbildu zirenak. Azkenengo egunetan erabakitako leku aldatzea jaso ez zutenentzako, Areizaga-Kalebarren plazan kartel bat jarri genuen Iparragirre plazan geundela jakinarazteko. Gainera, gau osoa egosten izan zen txekorrak, goiz goizetik jende artean interesa sortu zuen eta asko izan ziren honi buruz galdetzera gerturatu zirenak.

Horrela, ia goiz osoan, karpa bete beterik izan genuen. Hori dela eta, postuetan izan ziren eskualdeko baserritarrek hauek ekoiztutako produktu asko saldu zituzten: Hariztizabalgo ogiak, Baztarrikako artzain gazta, Agerreko jogurtak eta esne poltsak, Aikurreko ezti poteak, Zantagoitiko barazkiak…

Eskola-kirolak bukatu zirenean, 11:00etatik aurrera, guraso asko gerturatu ziren haien umeekin. Familia giroan, Urretxuko Begibakarrekoekin batera taloak egin zituzten eta Gabiriako Baztarrikakoekin, gazta. Argi ikusi zen, irinez edota gazurez zikintzearekin asko disfrutatu zutela. Gainera, egindako produktuak etxera eramateko aukera izan zuten, horrela, ingurukoekin dastatzeko aukera izan zuten.

Goiza aurrera zihoala, apurka-apurka han zegoen jende kopurua goraka egin zuen. Guztiak txekor haragiarekin egindako pintxoak dastatzeko irrikatzen zeuden eta, azkenik, 12:30etan Leturiondo baserriko txekorra erretzen egon zen Karlos Ibarrondok mozten hasi zen. Momentu horretan, jendea ilara batean jarri zen pintxoak jasotzeko prest.

Pintxo batekin, biekin edota hirurekin sabela bete ondoren, sei izan ziren 14:00ak pasata zozkatu ziren loteen irabazleak. Loteak, parte hartu zuten eskualdeko baserritarren produktuez osatuta zeuden. Lehenengo bost loteak baserritar ezberdinak banatu zituzten: Aikurreko Aitor Otegik, Zantagoitiko Ander Kerejetak, Baztarrikako Eli Elgarrestak, Hariztizabalgo Marilu Gardokik eta Donardegiko Mikel Elgarrestak. Seigarrena, ostera, Uggasako Bertatik Bertarako koordinatzailea den Josune Makaiak eman zuen.

Zorionak zozketako irabazleei eta eskerrik asko gerturatu zineten guztioi!

Etiketak: , , , ,

Post a Comment

Your email address will not be published.