Bertatik Bertara proiektuak aurrera jarraitzen du, pausoz pauso, erronka ezberdinei aurre eginez. 2016an zehar lan handia egin da. Batetik, gure eskualdeko lehen sektorearen egoera zein den ezagutu da: gaur egun zer ekoizten den, zenbat… Bestetik, baserritarren taldea konsolidatzen joan da. Eta, azkenik, baserritarren eta denda txikien arteko harremana landu da, ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko zubiak eraikitzeko helburuarekin.

Gabonei begira, eta proiektuarengan sinesten dutenei keinu bat egin nahian, Bertatik Bertarak 34 saski zozketatuko ditu eskualdeko denda, taberna eta jangeletan. Bertako baserritarren produktuekin osatuta egongo dira saskiak, eta abenduaren bihar bertan banatuko dira.

Hiru erronka: baserritarren lana ikustarazi, jangelak hornitu eta zubiak eraiki.

Gaur egun, hiru erronka nagusi ditu egitasmoak. Batetik, baserritarrak ikustaraztea, haiek baitira proiektuaren bihotza eta giltza. Helburu horrekin, baserri bakoitzean ekoizten diren produktuak jasotzen dituzten euskarri ezberdinak landu dira: webgunean fitxa bana, gida bat, bideoak… Guztira, 27 baserritarrek parte hartzen dute proiektuan.

Bigarren erronka eskualdeko jangela kolektiboak bertako baserritarren produktuekin hornitzea da. Une honetan Ezkio-Itsasoko eskola txikian, Urretxu-Zumarraga ikastolan eta Legazpiko Meazti etxean Bertatik Bertarako produktuak erabiltzen dituzte menuak osatzeko.

Azkenik, hirugarren erronka zubiak eraikitzea da, baserritarren, dendarien, ostalarien eta administrazioaren artean. Momentu honetan 15 dendak eta 14 tabernak parte hartze aktiboa dute proiektuarekin. Denda horietan, hain zuzen, Bertatik Bertara Txokoak jarriko dira, bertako produktuak identifikatu ahal izateko.

Abenduaren 1ean prentsaurrekoa egin zen Igartubeitin, proiektuaren lorpenak eta aurrea begirako asmoak azaltzeko. Bertan izan ziren proiektuari babesa ematen dioten sei udaletako ordezkariak.

Egin Iruzkina

Zure e-posta ez da publiko egingo.