[:eu]Baserritarrekin eta kontsumitzaileekin egindako saioaren ondoren, eta gogoeta fasea itxiz, pasa den maiatzaren 21ean politikariekin eta teknikariekin bilera egin zuten Bertatik Bertara proiektuko koordinatzaileek.
12 pertsona elkartu ziren: proiektua koordinatzen duen Uggasako teknikari Josune Makaia, merkataritza bulegoko ordezkariak, proiektuan sartuta dauden Udaletako politikariak eta teknikariak, Goimeneko ordezkariak eta Euskal Herriko Laborantza Ganbarakoak.
Eragile desberdinek lehen sektorearekiko duten kezka eta konpromiso bateratua azaleratzeko balio izan zuen saioak. Baita ekoizpen eta kontsumo arloari lotutako ekintza plana idaztea helburu duen prozesuari babesa eta bultzada politiko-teknikoa emateko ere, abiapuntu gisa lehen sektoreak suposatzen duen marko zabalago baten zati bati heldu zaiola jakitun.
Saioaren edukiei dagokienez, beste eragileekin egin bezala, gaurko errealitatearen diagnosia eta 10 urtera begirako ikuspegia landu zituzten.
Hirugarren eta azken bilerarekin, hausnarketa fasea borobildu dute, eta orain, saio horietan jasotako informazioaren irakurketa eta interpretazioa gauzatuko dituzte, gako edo ondorio nagusiak ateratze aldera. Horren baitan, ekintza plana idazten hasteko jarraituko duten lan dinamika zehaztuko dute.[:]
Egin Iruzkina