Fruitu gozoak eman ditu Bertatik Bertara proiektuaren loraldiak. Dendetako zigilu txartelen betetzeak, Instagrameko argazki lehiaketak eta Igartubeitiko pizza tailerrak proiektua apur bat gehiago ezagutarazteko eta herritar zein eragileen inplikazioa saritzeko balio izan dute.

Legazpiko, Urretxuko eta Zumarragako dendetan banatu genituen zigilu txartelek arrakasta izan dute eta guztira 58 lagunek lortu dituzte bost zigiluak. Parte hartzaile guztien artean hiru otordu zozkatu ditugu, eta ondorengoak izan dira irabazleak:

-Mari Cruz Murua (Zumarraga) : bi lagunentzako otordua Santa Barbaran

-Luis Etxezarreta (Urretxu): bi lagunentzako otordua Santa Barbaran

-Jesus Mari S. de Samaniego: bi lagunentzako otordua Katilun

Ostalariek eurek banatu diete saria, eta datozen asteetan joango dira otorduaz gozatzera. Otorduak Urola Garaiko baserrietako produktuekin prestatuta egongo dira, gainera.

Legazpiko saritua

Katilun, ondorengoa izango da menua: izokin marinatu entsalada San Migel baserriko barazkiekin, baserriko txuleta, Makatza baserriko Idiazabal gaztaren moussea irasagar eta intxaurrekin. Edateko, berriz, San Migel baserriko sagar zukua eskainiko zaie.

Santa Barbaran, ondorengo otordua dastatu ahal izango dute irabazleek: gazta entsalada, barazki panatxea, entrekota, gazta tarta eta kafea.

Igartubeitiko tailerra, plazak beteta

Igartubeiti baserri museoan maiatzaren 27an egindako Bertatik Bertara pizza tailerra ere arrakastatsua izan zen oso, plaza guztiak bete baitziren. Guztira 22 lagunek parte hartu zuten, eta pizza ederrak prestatu zituzten Urola Garaiko gazta eta barazkiak erabilita. Baratzean ere ibili ziren haurrak, eta garaiko produktuak zein ziren ikasi zuten.

20170527_191735

Instagram lehiaketan, hemezortzi argazki

Azkenik, Instagram lehiaketara hemezortzi argazki aurkeztu dituzte guztira. Lehiaketa antolatzen den lehen aldia izanik, gustura gaude parte hartze kopuruarekin eta jasotako argazkiekin. Denetariko argazkiak jaso ditugu: Beloki bideko ardiak, kontsumo taldean banatutako produktuak, Urola Garaiko paisaiak…

Denen artean, Aiur Lertxundi zumarragarra izan da irabazlea. Mugurdiak eta sagar zukua ageri dira berak bidalitako argazkian. Bertako eta garaiko produktuak izatea, eta argazkiaren kolore biziak baloratu ditu epaimahaiak. Zaldi ibilaldi bat eskuratu du Aiurrek bi lagunentzat, Urola Garaiko baserri inguruetan zehar. Itsasoko Ibur zalditegiarekin egingo dute zaldi ibilaldia.

Instagram irabazlea

Antolatzaileok asko eskertzen dugu antolatutako ekintza ezberdinetan parte hartu izana. Era berean, zigilu txartela betetzeko parte hartu duten denda guztien kolaborazioa eskertzen dugu: Legazpin, Itziar belardenda, Lanbroa belardenda, Okela harategia, Mari Carmen fruta denda eta Sustrai fruta denda; Zumarragan, Ametsa harategia, Lanbroa belardenda, Salegi harategia, Josune janaridenda eta Ata harategia; Urretxun, Aixa fruta denda, Belarzain belardenda eta Mendizabal harategia.

Post a Comment

Your email address will not be published.