Eskualdeko baserritarrak eta hauek ekoiztutako produktuak bultzatzeko helburuarekin, larunbat honetan, urriak 27, goizeko 10:00etatik 15:00etara Bertatik Bertara azoka berezia ospatuko dugu. Azkenean, eguraldi txarra izango dugula ikusita Urretxuko Iparraguirre plazara lekualdatu dugu.

Nolanahi ere, baserritarrak han egongo dira zuzenean beraien produktuak plazaratzen eta saltzen. Horrela eztia, gazta, fruta, barazkiak, ogia eta oilaskoa erosteko eta ekoizleak ezagutzeko aukera aparta izango dugu.

Baina ez gara horrekin konformatzen, izan ere, baserritarrak proposatutako azoka honetan gertuko eta garaiko produktuak ezagutu eta erosteaz gain, hara gerturatzen direnentzako zenbait ekintza ezberdin eskainiko dira.

Alde batetik, Zumarragako Leturiondo baserriko txekor haragiarekin eginiko pintxoak euro baten truke salduko dira 12:30etatik 15:00etara. Haragia prest edukitzeko, aurreko egunean hasiko dira 259 kiloko txekorra burruntzi erara egosten, sukaldatzeko teknika honen bitartez, ikatz begetalaren beroaren gainean, 24 orduz txekor osoa erretzen ipintzen baita.

Bestaldetik, 10:00etatik 12:30etara familientzako bi tailer ezberdin egingo dira. Batetik, Gabiriako Baztarrika baserrikoek artzain gazta nola ekoizten den erakutsiko digute eta, bestetik, Urretxuko Begibakarrekoek taloak egingo dituzte etxeko txikiekin.

Gainera, 14:00tan eskualdeko produktuez osatutako lote ezberdinak zozketatuko dira eta goiz osoa musikarekin girotuta egongo da, jai-giro alaia sortzeko asmoz.

Ekoizleak ezagutu, produktuak dastatu eta erosi, elkarrekin ikasi eta zozketa ezberdinek goiz osoko programa gozo-gozo bat eskaintzen digute.

Beraz, gorde data. Larunbatan, urriak 27, goizeko 10:00etatik 15:00etara Areizaga Kalebarren plazan ikusiko dugu elkar. Gerturatu zaitez!

Etiketak: , ,

Post a Comment

Your email address will not be published.