<<Arratsaldeko zortziak dira eta egun osoa lanean egon ondoren etxera ailegatzen naiz, familia-kide guztientzako afaria prestatzeko beharrarekin. Korrika eta presaka aitak seme-alabak eskuak garbitzen eta mahaia jartzen laguntzen dituen bitartean, nik hozkailua irekitzen dut eta bost minututan prestatzeko edozer gauza hautatzen dut. Ez dugu denbora galtzerik. Azkar afaltzen dugu, umeak oheratzen ditut eta lo egitera noa ni ere. Baina ohean nagoela buruan ideiak bueltaka dabiltza: Semeentzako prestatu dudan afaria nahikoa izango da beraien erremindua ez jeisteko? Ondo elikatuta al daude? Hobetzeko zer egin dezaket?>>. Gaur egungo etxe askotako istorioa da hau, seme-alaben elikatzeko moduak kezkatzen gaitu eta.

Atzo arratsaldeko sei t’erditan Gabiriko ostatura gerturatu zirenak, honi buruz eztabaidatzeko aukera izan zuten dietista-nutrizionista den Amaia Diaz de Monasteriogurenekin. Izan ere, ‘Familia eta elikadura eskutik doaz’ hitzaldi honetan luze eta zabal azaldu zituen hauen kezkei erantzuteko ideiak, afariari behar den garrantzia emanez eta janariak emozionekin duen lotura aipatuz.

Gurasoen eskuetan badago zer egiterik azaldu zuen. Elikaduraren asuntoarekin “beti gaude zientzialariei eta nutrizionistak honi buruz zer esaten duten begiratzen, baina betiko jakinduria hor dago eta oso garrantzitsua da”. Gure aiton-amonen garaian oinarritu beharko ginateke, bizitzeko eta antolatzeko erak aldatuz eta bertako eta garaiko produktuak kontsumituz, izan ere, “urtaroaren arabera gorputzak gauza bata edo bestea behar du”, explikatu zuen Amaiak.

Hau guztiagatik, semeak doazen jangelatan Bertatik Bertara produktuak edukitzea zorte bat dela iruditzen zaiola helarazi zuen, umeak jakien bidez hezitzen baitira, eta han egindako lana etxera luzatzea da gurasoen zeregina.

Bestalde, gurasoak adi-adi hitzaldian zeuden bitartean, Idoia Torregarai beti umorea erabiliz elikadura gaia landu zuen gerturatu ziren umeekin jolasean: marrazten, dantza egiten, ipuin kontaketetan,… Ze ondo pasatu zuten hara gerturatutakoak!

Ekitaldiari bukaera emateko Bertatik Bertarako mokadutxoa prestatu zuen Juan Carlos ostalariak. Baztarrika baserriko gazta, Kataraingo sagargoxoa, Irigoiko pastak, Hariztizabalgo ogiak eta galletak dastatzeko eskura egon ziren.

Bertatik Bertaran esperientzia errepikatzeko irrikan gaudenez, hurrengo asteko osteguna den ekainak 14an, Ezkioko Goza ostatura eramatea erabaki dugu arratsaldeko seiretan hasiera emanez. Animatu eta gerturatu zaitez!

Etiketak:

Post a Comment

Your email address will not be published.