Martxoa aurrera doan honetan, hilabeteko produktua aurkezteko garaia iritsi zaigu, Ardi esnea.

Ardi esneaz hitz egiten dugunean, gazta da burura datorkigun lehen produktua, gaurkoan ordea ardi esnez egin dezakegun postre erraz batekin gatoz, mamia edo gatzatua.

Normalean postre bezala irudikatzen dugun arren, gosaltzeko zein askarirako oso interesgarria izan daiteke.

Azukrearekin, eztiarekin, fruitu lehorrekin, garaiko frutarekin, … nola jaten duzu zuk normalean mamia?

 

Osagaiak:

6 pote betetzeko:

– Ardi esnea, litro bat

– Gatzagi likidoa

– Gatza

 

Errezeta:

1.- Bi edo hiru gatzagi tanta isuriko ditugu lehenik sei poteen hondoan.

2.- Gatz pittin bat bota eta irakiten ipiniko dugu esnea eta irakin bezain laster, atera egingo dugu sutatik. Termometro batez neurtuko dugu esnearen tenperatura, eta 37º ingurura jaisten den arte itxarongo dugu. Une horretan sartu ahal izango dugu behatza erretzeko beldurrik gabe (horixe da tenperatura neurtzeko beste modu bat, termometrorik ez badugu).

3.- Aukeratutako pote horietan banatuko dugu esnea ondoren, eta utzi egingo dugu mamitzen, giroko tenperaturan eta ukitu gabe, 15 bat minutuan.

Esneak irakin ondoren, gainazalean sortzen den esnegaina hartu eta mamia egiteko poteetan banatzen dute batzuek esnea isuri bezain pronto, pote horietako bakoitzaren gainazalean koipe geruza gera dadin.

Egin bezain laster ez baditugu jan behar, hobe da paper batez estali eta hozkailuan sartzea, baina 2 egun baino lehenago jan behar dira betiere.

Jateko momentuan erantsiko dugu eztia edo azukrea. Koilararekin gainekoa jan, eta berriro ere emango diogu azukrea hondora iritsi ahala. Ez da bat ere egokia, inolaz ere, azukrea edo eztia erantsi eta dena nahastea, eta horixe bera gertatzen da beste esneki gatzatu batzuekin ere, jogurtarekin esate baterako.

Garrantzitsua da mamia hozkailutik atera orduko ez jatea, epela edo giroko tenperaturan askoz ere hobeto baitago. Hozkailuan gorde badugu, jan baino denboraldi bat lehenago aterako dugu hotz hori gal dezan.

Post a Comment

Your email address will not be published.