Udaberri bete betean,  Bertatik Bertara proiektua loraldian da. Hilabetetako sukalde lanari ikusgarritasuna eman eta proiektuagan sinesten duten eragile eta herritarrei eskerrak emateko asmoz, ekintza ugari antolatu ditugu datozen bi asteetarako Bertatik Bertara Loratzen zikloaren barruan.

1. Merkatarien zigilu txartela

Eskualdeko denda txikietan bertako produktuak erosten dituzten herritarrak saritu nahi ditugu. Horretarako, 260 txartel banatu ditugu Legazpi, Urretxu eta Zumarragako hamahiru dendatan. Erosleek Bertatik Bertara produktu bat erosten duten bakoitzean, txartelean zigilu bat jasoko dute. Bost zigilu lortuta, bertako produktuekin osatutako bi lagunentzako  bi otorduren zozketan sartuko dira. Maiatzaren 22tik ekainaren 3ra bitarteko epea izango dute erosleek txartela betetzeko.

Ondorengo dendetan jaso daiteke zigiluen txartela:

-Legazpi: Lanbroa belardenda, Okela harategia, Mari Carmen fruta denda, Sustrai fruta denda eta Vesga fruta denda.

-Zumarraga: Ametsa harategia, Lanbroa belardenda, Salegi harategia, Josune janaridenda eta Ata harategia.

-Urretxu: Aixa fruta denda, Belarzain belardenda eta Mendizabal harategia.

2. Instagramen argazki lehiaketa

Gaztetxoak proiektura erakarri asmoz, Bertatik Bertara ilusioa ereiten argazki lehiaketa antolatu dugu Instagram sare sozialean. Ekainaren 3ra bitartean, argazki bat igo beharko da Instagramera, Urola Garaiko paisaia, baserriak , bertako produktuak edo animaliak erakutsiz. Argazkian, Bertatik Bertararen kontua (@bertatikbertara) etiketatu beharko da, eta #bbargazkilehiaketa etiketa erabili. Irabazleak bi lagunentzako zaldi ibilaldia eskuratuko du Urola Garaiko baserri eta mendietan zehar, Itsasoko Ibur zalditegiaren eskutik. OINARRIAK.

3. Haurrentzako pizza tailerra

Ezkioko Igartubeiti baserri museoan Bertatik Bertara pizza tailerra egingo da maiatzaren 27an. Hamahiru urte bitarteko haurrek garaiko barazkiak zein diren ikasiko dute, baratzean ariko dira, eta pizza bat prestatuko dute bertako produktuak erabilita. Maiatzaren 26ra arte eman daiteke izena tailerrean.

Ekintza hauen bitartez, adin ezberdinetako herritarren artean proiektua ezagutzera ematea da helburua. Horrez gain, ekainean Bertatik Bertarari buruzko animazio bideoa kaleratuko da, proiektuaren ildo nagusiak oso modu grafiko eta atseginean azalduko dituena. Gure baserritarrek ekoizten dituzten produktuen promozioa ere egingo dugu, eta, noski, eragile ezberdinen arteko saretze lanean jarraituko dugu, baserritar, merkatari, ostalari eta herritarren arteko elkarlanaren bidez gizarte biziago bat lortzeko.

Denon ahaleginarekin eta ilusioarekin, loratzen jarraituko du Bertatik Bertarak, etorkizunean fruitu mardulak emateko.

 

Etiketak: , , , , ,

Post a Comment

Your email address will not be published.